Izarraizko bira moldatu (ibilbideak aldatu egin ditugu pixka bat gune arriskutsuak ekiditeko eta atseginagoak aukeratzeko), egokitu (segurtasun neurriak bermatuko dituen homologazioa martxan jarri dugu Gipuzkoako Mendi Federazioarekin batera) eta interpretazioa hobetu, osatu eta erraztu dugu (gezietan puntuen arteko distantziak eta MIDE denborak gehitu ditugu eta hasiera puntuetan panelak jarri)… eta, garrantzitsuena, lehendik mendian zegoen materiala berrerabili dugu!.

Panelen egiturak, zutabeak eta balizak lasur egurrezkoak dira; mekanizatu egiten dira eta gero babesteko tratamendua aplikatzen zaie (artseniko nahiz kromorik gabeko WOLMANIT CX-8 kobre/boroa, Wolman doktorea, BASF), kanpo-ingurunean hondatu gabe iraun dezaten. Egiturok, 15 urteko Wolman iraunkortasun/erresistentzia bermea dute, intsektu xilofagoen eta lizunaren aurkakoa; halaber, AITIMren 17-06 segurtasun eta osasungarritasun ziurtagiria zigilua dute, eta AENORen CE ziurtagiria eta PEFC ingurumen jasangarritasun ziurtagiria.

Panelak eta geziak, aldiz, aluminioz eta poliuretanoz osatutako xaflak dira; 0,3 mm-ko aluminiozko xaflatxoak alde bakoitzean eta poliuretanozko nukleoa (sandwich egitura; composite edo dibond aluminioa). Material arina da, gogorra, erresistentea eta ez da dilatatzen; horregatik, aukera mordoa eskaintzen du. Geziek CMYKn inprimatutako biniloa daramate gainazalean, baldintza atmosferiko kaskarretan eta UV irradiazioaren aurka hondatu gabe irauten duena.